XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) nahastu eta ahuldu egiten dugu pentsamendua; eta litekeena da Venus bera ere ortzetik desagertaraztea iraunkorregi, arreta gehiegiz edo zuzenegi bilatuz gero.

Hilketa hauei dagokienez, has gaitezen gu geu ikertzen, berorietaz iritzi bat izan aurretik.

Ikerketak dibertimendua ekarriko digu (horrela erabilita, dibertimendu hitza desegoki samarra iruditu zitzaidan, baina ez nion ezer esan) eta, gainera, behin mesede bat egin zidan Le Bonek eta ez diot esker txarrik zor harengatik.

Joan eta guk geure begiez ikusiko dugu lekua.

Ezagutzen dut G..., polizi prefeta, eta ez dugu arazorik izango beharrezko baimena lortzeko.

Baimena lortu eta rue Morguera joan ginen berehala.

Rue Richelieu eta rue St. Roch artean dauden pasabide ziztrin horietakoa da.

Arratsalde beranta zen hara iritsi ginenean, auzotegi hura urruti baitago gu bizi ginenekotik.

Etxea erraz aurkitu genuen, artean jende asko baitzegoen ikusmiran, helbururik gabeko jakinminez, kalearen beste aldetik kontraleiho itxietara begira.

Parisko etxe arrunt bat zen: ataria, eta alde batean beirazko zaintza-gela, leihoan panel irristagarri batekin, hura loge de concierge zela adierazten zuena.

Barrura sartu aurretik, kalean aurrera joan ginen, kaleska batera sartu, gero beste batera eta etxearen atzeko aldetik igaro (...)